PosterErakusketak
Surfilm Festibal 7
  





Lehenengo aldiz, 2 pintura-erakusketa programatu ditugu. biak ere oso bereziak guretzat.


Joan erakusketen irudi batzuk ikustera hemen.



Pablo UgartetxeaPablo Ugartexea erakusketa

Sala Nocolor
Paseo Colón 37, Donostia
08/05/2009 – 09/07/2009



www.nocolor.es
www.pablougartetxea.com


Hiria eta itsasoa, arkitektura eta uhinak: surfhiria. 

Hainbat gailuk piztu dute nire irudimena Donostiako erakusketa honetan. 

Donostia hiriak beti erakarri izan nau, ez hainbeste Belle Époque kutsu motel eta endekatuarengatik nola enbaten oldar basarengatik: autoak airean erabiltzen, hiri-altzariak birrintzen. Umetan, denboraleen istorioek txundituta uzten ninduten, adibidez, 1965eko ospetsu hura, Kursaal zubiaren gainetik zeharkatu eta Alde Zaharra urez gainezkatu zituzten 15 metroz gorako olatuak... Izugarri erakartzen ninduen tsunami baten indarraren eta XIX. mendeko eraikin apainen arteko nahasketak.

Pablo
Ume guztiei bezala, Aquariumak liluratzen ninduen, batez ere jakinda nire aitonak (beste Pablo Ugartetxea bat) eman zuela dohaintzan han ikus dezakegun balearen hezurdura, Lekeitioko portua dragatzean hezurrak atera ondoren. 

Bestalde, azken urteotan, Gros auzoak izandako berpizkundeak arreta eman dit, eta haren sorburua surfaren loraldia izan da gehiago Kursaal fenomenoa baino. Kaliforniako surf cityak gogorarazten dizkidan alderdia da, betiere Donostiako nortasuna galdu gabe: taulak aldean eta neoprenoak soinean semaforoak gurutzatzen dituzten surfer-ak, surf- eta skate-dendak, arte-galeria gazteak, Santa Monika estiloko tabernaren bat ere tartean… Surf-giroak ingurune osoa hainbeste zipriztindu du, batzuetan Venice Beachen sentitzen naiz gehiago Donostian baino. Kirol batek hiri-ingurune bat biziberritzen nola lagun dezakeen ikusita ere (nortasuna, giroa eta dinamismoa ematea), zerbait egin nahi izan dut. 

Nire azken erakusketetan, mehatxu bat agertzen da zelatan, hondamendia usaintzen da, eraikinak sutan, olatu erraldoiak hiriak birrintzen… Horrek guztiak bizi dugun mende-aldaketa asaldagarriarekin izango du zerikusia: Europan urakanak eragiten dituen klima eroa, Mendebaldeko ekonomiaren amiltzea, Irailaren 11… Horrek guztiak epel uzten ez nauen hondamendi-giroa sortu du, eta nire pintura zipriztintzen…  

Erakusketa honetan, Urumean sartzen eta Maria Cristina Hotela irensten ari den tsunamia ikus dezakegu, Urgull mendiaren gainean astintzen diren Hawaiiko palmerak eta Jesusen Bihotza ordezkatzen duen Kaliforniako Surfer-aren Omenezko Estatua, Aquarium aurrean murgiltzen ari den balea urdina, Groseko hondartza urrutiko Malibuko bere senide bihurtuta haren pier ospetsua Kantauri Itsasoan flotatzen ari dela, tiburoiez jositako Kontxa Polinesiako kanoek zeharkatzen dutela, Donostiako Bulebarra Hollywoodeko ospearen pasealekuko izarrez beteta eta Sanse Boulevard berrizendatua…
 
Pablo

PABLO UGARTETXEA (Bilbo, 1967)

Arte Ederrak ikasi nituen Bilboko Unibertsitatean, eta Londresen eta Amsterdamen.

Nire obran, argazkia, olioa, ehundurak eta abar nahasten dira. Ez dut sinesten arte eta teknika desberdinen arteko diziplinetan. Oso zorrotza naiz materialekin; artisau-paperak Indian erosi nituen, tintak Londresen.

Nire artista gogokoenen artean, aipatuko nituzke Picasso (collagearen asmatzaile), David Hockney, Andy Warhol..., eta Matisseren zein Rothkoren kolorea.

Ez dut oso gogoko nire obra eta bere mezua definitzea. Nire ustez, mintzaira plastikoa eta idatzizkoa bi adierazpide desberdin dira. Nik margotzen adierazten dut nire burua, eta nire pintura emozioaren ondorioa da, eta berez hitz egiten du. Artikulu honen irakurleei aholkatzen diet Galería NoColor-en nire erakusketako koadroak ikustea eta haien mezuak ondorioztatzea.

Arkitektura beti izan da nire obrako erreferentzia bat. Ahal dudan guztia bidaiatzen naiz,eta  askotariko herrialdeetako hirigintza aztertzen dut. Estudiora bueltan, hiri horiek “nire gisa” berreraikitzen ditut. Nire pinturaren bidez, irudimenari protagonismoa eman diezaioket, errealitatea iraultzeari, poesiari. Nahi dudana egin dezaket, hau moztu eta bestea gehitu. Alkate hiper-aberats eta ahalguztiduna sentitzen naiz, hiria nahierara eraldatzen dut, Ibaizabal arrea Indonesiako hondartza batez ordezkatzen, Biarritz eta Rio de Janeiro elkar gurutzatzen ditut, baita Donostia eta Hollywood ere.

Azken urteotan, olatuek nire pintura gainezkatu dute; orain hirietako arkitektura eta olatu handiak konbinatzean, karga ironikoa eta, aldi berean, kezkagarria daukaten irudi poetikoak lortzen saiatzen naiz. Gustukoa dut errealitatea testuinguruz gabetzea, umore-karga handiaz betiere. 

Olatu on bat hartzearen sentsazioa ezin da deskribatu, koadro bat borobil ateratzen zaidanean soilik sentitzearen parekoa. Gustukoa dut Hossegor, Portugal, Kalifornian surfeatzea, baita Mediterraneoan ere, Korsikan, han egin ohi dut. Irailean, surfari bat egingo dut Sardiniatik.

Erakusketak egiten ditut maiz Espainian, Frantzian eta Estatu Batuetan.

www.nocolor.es

www.pablougartetxea.com


AsierAsier Elcoroiribe erakusketa


Aquarium Donostia – San Sebastián
Pl. Carlos Blasco de Imaz
15/05/2009 – 14/06/2009



www.asier-elcoroiribe.com
 

Erakusketa honen helburua Asier Elcoroiribe Lerma donostiar margolariari homenaldi bat izatea da. Bere lanen zati txiki bat ikusi ahal izango dugu bere obraren eredu bezala.

Urteetan zehar Asier Elcoroiribek bere lanak sortu eta ezagutarazi zituen bere lagunen, familia eta jarraitzaileen artean. Orain, jende guzti honek bat egin du Asierren lan batzuk hiri honetako jendearekin konpartitzeko.

Asier

Lan geihenak akrilikoak dira, nahiz eta oleo, akuarela eta teknika mixtoekin lan egin zuen ere. Itsasoa eta olatuak dira bere lanaren ardatza eta beraz erakusketa honena, ala ere beste lan batzuk aurkitu ahal izango ditugu, erretratoak, paisaiak...

Asier
Asier Elcoroiriberen bizitza margo eta surfaren inguruan garatu zen, bere bi zaletasunak. Bere heriotza joandako urtean galera haundia izan da bere ingurukoentzat. Bizitza ulertzeko zuen erak islada izan du ezagutu zutenen gan. Bere lana ere Asierrek utzitako ondarearen parte da eta horregaitik beti izango dugu gogoan.
 


www.asier-elcoroiribe.com