PosterGune gonbidatuak  







2006ko SFF4n Donostiako hainbat arlo gure jaialdian parte har zezaten gonbidatzen hasi ginen. Nahiko genuke era askotako tokiek, haien nortasun desberdinez, surfingaz duten ikuspegia guri adieraztea.

Willy Uribek bisita egingo digu: Soulerako prestatu duen erakusketa ekarri du; Gari Garaialdek, berriz, surflaria ez den baten ikuspegia emango digu.



WillyKantauriko Lurraldea
Willy Uribek aurkeztuta 
Soul denda, K/ Nagusia, 12 


Kantauriko Lurraldea erakusketa osatzen duten argazkietan alde batera geratu dira asmo artistikoak; aldiz, hirurogeiko urteen erdialdetik milaka surflarik ibilitako ibilbide baten dokumentu grafikotzat hartu behar dugu.
Hondartzak, kaminoak, jendeak, barreak, herriak, oholak, puntak, hiriak, parafinak, hondar-pilak, baselizak, lurmuturrak, furgonetak, tabernak, autobiak, badiak, gasolindegiak, labarrak, kaiak, neopreno-jantziak, mendiak, uharteak, lagunak, zelaiak, kalak..., guztiek gidaritzat hari bat dutela: Kantauri Itsasoak opatzen dizkigun uhinak: duela laurehun urte Lancreko jaun Pierre Ronteguik, Kantauri Itsasoaz inoiz irakurri dudan deskribapen ederrenetako batean, jada aipatu zituen altxorrak:


Itsasoa biderik gabeko bidea da, batzuetan lurra baino askoz errazago sartuz, marraztu gabe dagoen arren. Hala ere, arinkeria eta oharkabetasun handia da horrela itsasoratzea, jende honek egiten duen bezala, edozein unetan eta edozein ordutan, elementu hain aldakorrean eta, aldi berean, izaki hain aldakorrekin. Izan ere, itsaso handi horrek ez ohi gaitu eramaten haizeek bultza egiten ez badute. Beraz, itsasoek eramaten gaituzte, eta haizeek gu garraiatzen, guri haren joan-etorrietan putz eta putz egiten, arnastutako aireak eta hartutako lurrunak bustitzen gaituzte, arretzen, eta hainbeste uraren hezetasunaz blaitzen, barnetik zein kanpotik, eta halako moduz, non ezin dugun esan hainbeste ekaitzen artean nabigatzea etsipen petoa eta ausartegia ez denik, oharkabetasunaren haizeak jota, altxorrak aurkitzera bultzatzen duen diru-gose aseezinaren eta aldarte aldakorren baten gutiziaren poderioz.


Pierre Rontegui,
Lancreko jauna.
XVI. mendea
  

MicrophoneSurfa hirian
Gari Garaialdek aurkeztuta
Urban House, Kursaal

                             
Ametsak besarkatuz
 
Atzo gaur bihar zen. Bihar gaur atzo izango da. Gure oroitzapena itsaso hondoan ezabatuko da. Beharbada, gure errautsak ezagutzen ez ditugun portuetan emango dizkiote haizeari. Oraindik piztu ez den suren batek erreko gaitu agian. Kea besterik ez gara izango iraganaren mapetan. Norbaiten gitarrak irakatsi zigun noizbait, galdutako atzo urrun haietan: etorkizunak izango duen historiaurrea gara.

Hori ulertzen dugunean soilik ikasiko dugu itsasoari beste modu batera begiratzen. Udazkeneko orbelaren edertasunari begiratzen diogun bezala. Kostaldean lehertu eta berehala desagertzen diren olatuei bezala. Izar iheskorrei bezala. Hosto berrien kolorearekin, olatu berriekin edota noizbait eroriko diren beste izar batzuekin egingo dugu amets.

Litezkeen gauzarik ederrenak ez direla irakurriko dugu gero marinel zaharraren ezpainetan, eta ez diren gauzak ere badirela. Izan ere, begiratu itsasertzera, eta lehen lehertutako olatu horren arrastorik ez duzu aurkituko dagoeneko. Desagertu da. Etorri orduko alde egiten du itsasoak. Ez da erraza hura besarkatzea, eta bizirik egon behar da une iheskor batez haren laztanak harrapatzeko. Besarkada horien bildumari surfa deitzen diote.

Bizitza, azken batean, surfean aritzea da. Ez dakigu zein den besarkatu beharreko olatua. Denbora ematen dugu hodeiertzera begira, aukerak hautatzen. Olatu bat edo beste hartzera bultzatzen gaitu indar ezezagun batek, atzerago datorrena hobea izango den ala ez jakin gabe, edota besarkatu gabe igarotzen utzi dugun olatu hura guretzat egokiena zen ala ez jakiteke. Aukeratu beharra, hori omen da bizitza. Hori da surfa. Olatuei begiratzen jakin behar da, eta laztan iheskorrak besarkatzen. Aukeratzen. Azken batean, gure aukera guztien batuketa gara.

Gari Garaialderen argazkiei begira ulertu dugu surfa eta argazkilaritza bizitza beraren bi sinonimo besterik ez direla. Aukerak egiten ikasi nahi dutenen pasioa. Argazkiak egitea, azken batean, surfean aritzea da. Zerbaiti begiratu eta une zehatz batean aukera bat egitea. Eguneroko bizitzak etengabe ekartzen dizkigun une iheskorrak biltzea, surflariek kostaldean lehertu eta berehala desagertzen diren olatuak harrapatzen dituzten bezala. Ez diren gauzak argazkietan geratzea lortzen du argazkilari on batek. Iheskorra izan dena irudi batean betiko harrapatzea. Surflari bihotza dute argazkilariek. Begiratzen ikasi duten artistak dira.

Gari Garaialdek, irudi hauetan, argazkilarien antzekoak diren surflari horiei bihotzera begiratu nahi izan diela iruditu zaigu. Ez da surf aldizkariek biltzen dituzten argazki koloretsu eta olatu ikusgarrien bila joan. Ez. Argazkiak zuri beltzean aurkeztuz, olatuak besarkatu nahi dituzten horien barrua azaldu nahi izan digula esango genuke. Aukerak hautatzen ari direnen taupadak eta indar ezezaguna. Hodeiertzera begira daudenena. Laster betiko desagertuko diren olatuen zain daudenen ametsak. Ez da kasualitatea izango horiek aukeratzea argazkilariak. Berak ere desagertzera zihoan bizitza zati hori besarkatu nahi izan du, surf taularekin beharrean, argazki kamerarekin. Amets egitea ahazten ari zaigun garaiotan, amets egiten lagundu digu, ez diren gauzak erakutsiz, eta betiko bilduz. Hondarribikoa da Gari. Ezbairik gabe, kresala izango du surflari bihotzaren bazterren batean.

Eta guk maite ditugu surflariak eta argazkilariak.

Ametsak besarkatzen dituzten lagunak dira.

Gari Berasaluze