Osaki, Kabune eta Inamura desagertuko dira belauntzi eremua eraikitzearen ondorioz
Surfilmfestibal14-erako Miguel Brievak sortu duen irudiak Japonian gertatuko denaren satira bat izan nahi du. 2020ko Olinpiar Jokoetako arraun-pista egiteko, 3 olatu perfektu suntsituko dira Tokyon, eta astakeria hori salatu nahi izan dugu.
Osaki, Kabune eta Inamura olatu garrantzitsuak dira Japonen, eta mundu osoko surflariek ezagutzen dituzte. Azkenak duen kalitate apartaren froga da, 2013an egin zen Inamura Classic olatu handien txapelketa ikusgarria. Olinpiar Jokoetarako eraiki nahi den espigoiak, hiru olatuak izorratuko lituzke. Kostaldeak hondatzen dituzten esku-hartzeen aurka azaldu gara beti, baina oraingoan, bete-betean harrapatu gaitu gaiak: surfa Olinpiar Jokoetan sartzeko proposamena aztertzen ari dira … Ederra marka!
Gizartea pairatzen ari den neurosiaren adibide perfektua da Tokyo-koa. Naturak eskaintzen dizkigun harribitxiak suntsitzen ditugu, aldi berean, ingurune naturalen itxurako egitura artifizialak sortzeko. Kontraesan honekin bizi beharko du surf munduak, dioten bezala, kirol olinpiko bihurtzen badute. Itxura guztien arabera, 2020an behintzat ez da gertatuko; hori bai, gizakiak hondatutako olatuen zerrendari 3 izen gehitu baietz!
Iturria: http://www.save-our-kotsubo.com/album/a.html eta hainbat lagun japoniar.
*Irudia Japoniatik iristen zaigu baina, egia esan, ez gaude ziur kontatzen ari garen arazoarekin erlazionaturik dagoen. Japonian gai honen inguruan dagoen sekretismoaren beste adibide garbi bat.
Surfilmfestibal. Donostia - San Sebastián. Surf, Musika, Arte eta Ingurugiro Zinemaldia.
© Surfilmfestibal 2024
Donostia - San Sebastián