Beste behin, bagatoz! Gutxi falta da 14.edizioari hasiera emateko!
Patagonia-ren babesari esker, hemen da Surfilmfestibal 14: hausnarketa, salaketa, eztabaida eta gozamenerako proposamen fresko-freskoa!
Surfzilla, Surfilmfestibal 14-ren irudi ofiziala
Edizio honetako irudia Miguel Brieva-ren ilustrazio bat da. Satira moduan aurkezten digu surflari libre eta “korporatiboen” arteko lehia. Kritika argi bat 2020ean Japonian gertatuko denaren inguruan. Olinpiar Jokoetako arraun-pista egiteko, 3 olatu perfektu suntsituko dira Tokyon, eta astakeria hori salatu nahi izan dugu honekin.
Osaki, Kabune eta Inamura olatu garrantzitsuak dira Japonen, eta mundu osoko surflariek ezagutzen dituzte. Azkenak duen kalitate apartaren froga da, 2013an egin zen Inamura Classic olatu handien txapelketa ikusgarria. Olinpiar Jokoetarako eraiki nahi den espigoiak, hiru olatuak izorratuko lituzke. Kostaldeak hondatzen dituzten esku-hartzeen aurka azaldu gara beti, baina oraingoan, bete-betean harrapatu gaitu gaiak: surfa Olinpiar Jokoetan sartzeko proposamena aztertzen ari dira … Ederra marka!
Gizartea pairatzen ari den neurosiaren adibide perfektua da Tokyo-koa. Naturak eskaintzen dizkigun harribitxiak suntsitzen ditugu, aldi berean, ingurune naturalen itxurako egitura artifizialak sortzeko. Kontraesan honekin bizi beharko du surf munduak, dioten bezala, kirol olinpiko bihurtzen badute. Itxura guztien arabera, 2020an behintzat ez da gertatuko; hori bai, gizakiak hondatutako olatuen zerrendari 3 izen gehitu baietz!
Proposamenak eta programa
Ekainaren 22rako Olatu Garbiak ekimena antolatu dugu Aquarium gure txokoan, eta aurten bi zati izango ditu. SurfilmPRO atalean, Ikerkuntza + Garapena, material jasangarriagoen inguruko ikerketak, ekonomia zirkularra … izango ditugu hizpide. Bestalde, urtero egin ohi dugun saioa ere programatu dugu. Bertan, ingurugiroa eta itsasoarekin zerikusia duten proiektu berritzaileak aurkeztuko dira, bideo proiekzioekin tartekatuz.
Albaola Itsas Kultur Faktoria eta San Juan baleontzia etxetik gertu ditugun bi harribitxi dira. Bertan izango gara berriz, "Abentura Ozeanikoa" proposamenarekin: 100%-ean surflariek sorturiko ikus-entzunezko materiala, hitzaldiak, musika … bertako ekoizle txikiek eskainitako jan eta edanarekin lagunduta! Ekainaren 24an da saioa, ostiralarekin, San Joan egunean. Luxu hutsa da guretzat Albaolako lagunekin berriz kolaboratzea. Egon adi gure webari, laster jarriko baititugu sarrerak salgai!
Ekainaren 25ean Groseko hondartzan, Zurriola Hang Out ekimena! Gozamen kolektiboa eta makarrismo pixka bat! Generazio eta leku desberdinetako surflariak borroka bizian arituko dira, 2016ko Zurriolako Olinpiar Jokoak irabazteko saiakeran. Froga sofistikatuak prestatu ditugu: 100 metro leun aletekin korrika, 50 metro tximeleta erara igeri bainularien zonan … Eta modu parte-hartzaile eta dibertigarrian bukatzeko, Surf Kolapso: itsaso zabal, ur-ertza eta hondar-gune guztiaren inbasioa!
Hondartzatik Antzoki Zaharrera pasako gara larunbat gauean, Berotze Lokala sekzio mitikoko eduki ganberroenez gozatzera. Igandean bi saio izango ditugu: gaztetxoei eskainitako Groms Attack, eta jaialdia ixteko, zinea eta zuzeneko musika elektronikoa nahasten dituen proposamen oso berezia.
Generazio aldaketa
14 edizioren ostean, surf kulturarekin gozatzen duen gazte jendea kateatu nahi dugu, geuk hasieretan genuen ilusio eta energia bera duena! Generazio berriak publikoan nahi ditugu, bai, baina kalitatezko eduki sortzaile bezala ere bai. Hori sustatzeko, #izanezberdin-ekin kolaboratu dugu, film laburren txapelketa bat antolatuz. Bestalde, hondartzan burutuko ditugun ekimenetan, 12-16 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduriko jarduera bereziak sortu ditugu.
Datozen egunetan, informazio gehiago emango dugu surfilmfestibal.com webean. Adi egon!
Surfilmfestibal14 presented by Patagonia
Organizan:
Surfilmfestibal, DonostiaKultura, Ayuntamiento Donostia-San Sebastián.
Colaboran:
Fundación Donostia San Sebastián 2016
Diputación Foral de Gipuzkoa
Kutxa Fundazioa
Surfing Euskadi
Surf City – Fomento San Sebastián
Albaola Faktoria Maritima
Aquarium San Sebastián
Groseko Surf Indarra
Basque Land Brewing Project
Amaiketako
Media partners:
Diario Vasco
The Inertia
MagicSeaWeed
MarGruesa
3Sesenta
SurfEurope
Staf Magazine
Surfilmfestibal. Donostia - San Sebastián. Surf, Musika, Arte eta Ingurugiro Zinemaldia.
© Surfilmfestibal 2024
Donostia - San Sebastián