Ez da erraza urtero Surfilmfestibalerako irudi korporatiboa aukeratzea, ziurrenik, horrek berak definitzen duelako jaialdiaren nortasun edo izaera. Negu ero xamarra izan dugu, surferako olatu erraldoi eta txikizioak eragin dituzten borraska etengabeekin. Aurtengoan ez dugu zalantzarik izan jaialdiko protagonista nagusiak erabakitzerakoan: olatu erraldoiak, take off larriak eta kostaldeko triskantzak. Azarotik otsailerako tartean, Europan hartu diren olatuek mundu guztiko surflarien arreta piztu dute. Eddie Rothmanek New York Times-en esandakoen arabera, ordea, europarrok surf kulturako azken lerroan egoten jarraitzen dugu: “Belharra olatu laua da. 9 urteko nire biloba ere irristatuko litzateke bertan”. XXL sari ezagunetan Gautier Garanax suertatu da irabazle, Belharran hartutako olatu batekin.
Hauxe da aurtengo Surfilmfestibalaren kartela! Gizakiak ilargia zapaldu zuenean New York Times egunkari ezagunak argitaratu zuen azal bera erabili dugu: “Gizaki batentzat take off izugarria…. gizateriarentzat pausu hutsala”, azken finean, surfa ere ez baita hil ala biziko ezer lurtarrontzat. Mullaghmoreko argazkia Christian Mcleod argazkilariarena da eta Nazarekoa, Vitro Esterlinharena. Programazioa, beti bezala, azpialdean duzue erdi ezkutaturik.
Kartela Pensando en Blanco estudioko Borja Garmendiak diseinatu du.
Argitaratze data: 2014 Maiatza 18
Surfilmfestibal. Donostia - San Sebastián. Surf, Musika, Arte eta Ingurugiro Zinemaldia.
© Surfilmfestibal 2024
Donostia - San Sebastián